XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenengo norabide hau zehaztu nuen sakeleko iparrorratz baten bidez; gero, kataloxa zuzenduz ahal nuen neurrian berrogeitabat gradutako goierarekin, mantso-mantso mugitu nuen gora eta behera besteak baino handiago agertzen zen zuhaitz tantai baten hostaia tartean zegoen zulo biribil edo begi batek nire arreta piztu zuen arte.

Begi haren erdigunean puntu zuri bat somatu nuen, nahiz eta ez lortu hasieran zer izan zitekeen asmatzea.

Kataloxaren enfokea mugituz, begiratu nuen berriro eta giza buruhezurra zela ikusi ahal izan nuen.

Aurkikuntza honen ondoren, asmakizuna askatutzat jotzeko bezain baikor nengoen; enbor nagusia zazpigarren adarra ekialdera esaldiak ezin bait zezakeen zuhaitzean buruhezurrak zuen kokapena besterik adierazi, halaber bota hildakoaren buruko ezkerreko begitik esaldiak ere esanahi bakarra izan zezakeen, ezkutatutako altxorraren bilaketari zegokiona.

Ulertu nuenez, bala bat edo pisuzko zera bat, ezkerreko begi zulotik bota behar zen eta erle-marra, edo marra zuzena beste hitzetan, tinkatu behar zen enborreko puntu hurbilenetik balan zehar, hau da, bala erori zen lekua zeharkatuz, eta berrogeitamar oin kanpokaldera luzatuz, puntu zehatza aurki zenezan; han behean gutxienez posible zen gordailu baliotsu bat aurkitzea.